2025

Lehen saria (2.000 €)

Izenburua: Zuk, zergatik ez? Hizkuntza-hautua finantza-entitateen zerbitzu digitaletan

Egilea: Ainhoa Delgado Iriondo

Laburpena: Bizirik nahi badugu, euskarak sarean egon behar du ezinbestean. Egote hutsa, ordea, ez da nahikoa; erabili egin behar da. András Kornai hizkuntzalariaren teoriatik abiatuta eta finantza-entitateen zerbitzu digitalak aitzakiatzat hartuta, euskararen bizitasun digitala aztertzen du lan honek. Eskaintza eta eskaria aztertu dira, hizkuntza aukeratzerakoan eragina duten faktoreak identifikatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko estrategiak proposatzeko. Ikerketak erakusten du hizkuntza-hautua ez dela neutroa eta hainbat faktorek baldintzatzen dutela: araudiak, euskarri digitalen konfigurazioak, erabiltzaileen gaitasunak, zerbitzua eskaintzen duenaren proaktibitateak… Eta zuk, zergatik ez?

Bigarren saria (1.300 €)

Izenburua: Hirigune frantses batean euskaraz ikastearen oxymorona: Baionako Estitxu Robles Kolegioaren kasua

Egilea: Kimetz Perez-Harispe

Laburpena: Bertako ikasleen euskara maila eta praktika ezaz kezkatua, Baionako Estitxu Robles Kolegioko irakasleengandik jasotako oihartzunetatik abiatuz egin den ikerketa da hau. Hasiera batean, sinpleki ikasleen hizkuntza praktikak aztertzea bazen helburua, kolegioak praktika horietan zuen eraginaz ohartu nintzen. Honela laburtu daiteke beraz ikerketa honen helburua: nerabeentzako, hirigune frantses batean euskaraz ikasteak eragiten duena ezagutzea, haien hizkuntza praktiketan erreparatuz eta testuinguru horretan kolegioaren diskurtso edo estrategiak arakatuz. Landa lanaren bidez, ikerketa esploraitzalea da honakoa, beraz ikasleen bizipenetan oinarritzen dena. Hizkuntza gutxituan irakasten duten ikastetxe geroz eta gehiagotan den arazo horri beste begirada batetik ikusteko proposamenak egiten dira, munduan zehar antzeko egoeran direnei buruzko lanetan oinarrituak.

Hirugarren saria (1.000 €)

Izenburua: Irakaslegaiak euskararen sistole: bizi a(ha)la iraun? Euskal Herrian euskararen transmisioan gako izango direnen azterketa

Egilea: Mikel Gartziarena San Policarpo

Laburpena: EHUko Arabako eta Gipuzkoako Hezkuntza Fakultateetako ikerketa misto honek (N = 608; N = 40) irakaslegaien euskararekiko eta gainerako hizkuntza kurrikularrekiko jarrerak eta auto-pertzepzioak aztertzen ditu. Emaitzek erakusten dute euskara atxikimendu eta identitatean ardatz dela, eta, oro har, gaztelaniaz eta euskaraz dituztela gaitasun eta erraztasun-mailarik altuenak, hurrenez hurren. Aldagai denek korrelazio esanguratsuak dituzte, bereziki euskarari emandako garrantziak, hitz egiteko erraztasunak eta erabilera informalak. Irakaskuntzan, ahozko jardun komunikatibo eta erabilgarriak lehenesten dituzte, ahozko jardunean trebatzeko. Halaber, sareetan eta ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia eta kalitate handiagoa aldarrikatzen dute, eredu linguistiko gisa. Euskararen transmisio eta biziberritzearen aldeko jarrera sendoa nabarmendu arren, datuek estrategia berrien premia azaltzen dute praktika esanguratsuagoak garatzeko.

Sari-emate ekitaldia

Lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

  • Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien Banaketa Ekitaldia
  • Abenduak 19, ostirala
  • 12:00-13:30
  • Micaela Portilla Ikergunea – EHU, Gasteiz