Prentsa idatzian galegoaren erabilera hobetzeko eta hizkuntza horretan idatzitako artikuluen kopurua areagotzeko kanpaina bat da Como cho digo ;-). Helburu horiek lortzearren, berariazko eskariak egiten dizkiete hedabideei adierazpenak egiten dituzten eta/edo prentsaurrekoak ematen dituzten herritarrek zein erakundeek, elkarrizketak ematen dituztenek, agiriak plazaratzen dituztenek, informazioa sortzen dutenek eta abarrek. Horrez gain, herritar eta erakunde horien eskariak ere argitaratu egiten dira.
Coordinadora de Traballadores/as de Normalización da Lingua (CTNL) elkarteak sustatzen du kanpaina, zeinaren xedea baita galegoz idatzitako artikulu gehiago argitaratzea prentsan eta, horrenbestez, honetarako gutxienez erabiltzea hizkuntza hori: galegoz egiten diren ekitaldien berri emateko, galegoz egiten diren adierazpenak argitaratzeko, gure hizkuntzan idatzitako oharrak eta agiriak oinarri hartuta informazioa sortzeko…
Galegoz esaten edo gertatzen den hori hizkuntza horretan argitaratzea hedabideek, hori bultzatu nahi du Como cho digo ;-)-k. Halaber, dei egiten die elkarte horrek jendaurrera agertzen diren eta kanpainarekin ados dauden herritarrei eta erakundeei Como cho digo ;-)-rekin bat egin dezaten, kanpainan parte hartuz.
Horretarako dute, hain zuzen ere, www.comochodigo.eu webgunea, zeinaren bidez atxiki daitezkeen kanpainara hala nahi duten herritarrak eta erakundeak. Galegoaren erabilera areagotzeko eskatzen duen adierazpen pertsonalizatu bat ere sortzen du webguneak, herritarrek edo erakundeek hedabideetara bidal dezaten, hurrengo agerraldian edo elkarrizketan bana dezaten…