XIV. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia 2022. Hizkuntzen erabileraren kale neurketa

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia urtero antolatzen da euskararen biziberritzean funtsezkoak diren gaien inguruan ikerlarien, profesionalen, aktibisten eta erakunde-arduradunen arteko ezagutza-trukea bultzatzeko. 2022ko edizioa 2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzen azterketa partekatua egiteko topagunea izango da. Euskarak bere lurralde osoan duen bizi-indarraren argazki berritua ezagutu ostean ondorioak atera eta hurrengo urteetarako erronkak identifikatzeko saiakera izango da.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldian parte hartzaile guztiak eragile aktibo dira ezagutza-trukean. Ez da igorle eta hartzaileetan banatutako dinamika, guztiok modu batean ala bestean, elkarrekin hausnartzeko tresnak eta plaza eskaini nahi ditu Soziolinguistika Klusterrak.

Jardunaldi honetan ez dira euskararen kale erabilera datuetatik eratorritako ondorio absolutu eta eztabaidaezinak emango, beraz. Egitarauko saioak baliatuko dira datuen interpretazio eta irakurketa erraztu dezaketen elementuak eskaintzeko. Parte hartzaile guztien egitekoa izango da entzundakotik eta ikusitakotik hausnarketa berriak egitea.

Kaleetako hizkuntza-erabilera 1989tik 2021era nola aldatu den badakigu, baina… nola aldatu da kalea bera? Nola aldatu da kalean egoteko eta kalea erabiltzeko dugun modua? Zein da orduko eta gaurko euskaldunen testuingurua? Zein eragin izan du globalizazioak? Zer ekarri du digitalizazioak? Zenbaterainoko hizkuntza-gaitasuna dute gaurko euskalherritarrek? Zer dago jokoan hurrengo urteetan? Nola eragin etxean edo lagunartean? Zertarako aukera ematen dute legeek? Zein zeregin dute erakunde publikoek?

Kaleetan hizkuntza bakoitza zenbat hitz egiten den jakitea galdera gehiagoren atea irekitzen duen palanka da. Eta bidea ematen digu elkartzeko eta galdera horien inguruan elkarrekin jarduteko.

 

09:00 Antolatzaileen agurra ·   Bilboko Udala
·   Bizkaiko Foru Aldundia
·   Eusko Jaurlaritza.HPS
·   Soziolinguistika Klusterra
09:15 Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitza osagarriak Hitzaldia ·   Olatz Altuna (Soziolinguistika Klusterreko kidea eta Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren zuzendaria)
10:15 Kaleen eta espazio publikoaren bilakaera azken hamarkadatan Hitzaldia ·   Koldo Telleria eta Oihana Santolaria (Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak)
11:00 Atsedenaldia
11:30 Euskararen erabilerarako baldintzak ezagutzen Panela
a)  Hizkuntzen bizi-indarrean eragiten duten mundu mailako joera nagusiak
b)  Euskal Herriko bilakaera demografikoaren deskribapen orokorra
c)  Euskalerritarren profil linguistikoa eta hizkuntza gaitasunen bilakaera
a) Ane Ortega (Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kidea)
b)  Julen Landa (Datu analista eta GISLANeko kidea)
c)  Iñaki Iurrebaso (Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
12:30 Kaleko erabilera datuak elkarrekin ulertzen eta interpretatzen

Tailerrak

14:00 Bazkalordua
15:00 Erabilerarako baldintzak eta erronkak: norbanakoak eta ingurune hurbila Mahai-ingurua ·   Eneko Gorri (Erabil Kolektiboko kidea eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
·   Maialen Iñarra (Soziolinguistika Klusterreko kidea eta Kale Neurketaren landa-lanaren arduraduna)
·   Paula Kasares (Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria eta Kale Neurketaren Batzorde Zientifikoko kidea)
16:00 Erabilerarako baldintzak eta erronkak: gizarte maila Mahai-ingurua ·   Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria)
·   Kike Amonarriz (Soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria)
·   Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia)
17:00 Egunaren errepasoa eta itxiera

Hizkuntzen kaleko erabilera aztertzeko ariketa kolektiboa izan da Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Egun osoko jardunaldia egin dute Bilboko Bizkaia Aretoan, 2021eko Hizkuntzen erabileraren kale neurketak utzitako emaitzak oinarri hartuta. 85 pertsonak parte hartu dute Euskal Soziolinguistika Jardunaldian era presentzialean, eta beste 35 pertsonak jarraitu dute streaming bidez.

Koldo Narbaiza Bilboko udaleko euskara eta hezkuntza zinegotziak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultura eta hizkuntza-politika sailburuak eta Mertxe Mugika Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak eman diote irekiera jardunaldiari, ezagutza soziolinguistikoak hizkuntza-politiken eta hizkuntza-plangintzen oinarri gisa jokatzen duen papera nabarmendu dute. Era berean, Bilbok eta hiriguneek euskararen biziberritzearentzat duten erronka izaera azpimarratu dute.

Olatz Altuna kale neurketaren zuzendariak emaitza osagarri batzuk aurkeztu ditu. Eskualdekako kale erabileraren datuen berri eman du, adibidez. Gainera, euskararen ezagutza-proportzio parekoak dituzten herrietan kaleko erabilera oso desberdinak neurtzen direnean kontuan hartu beharreko ezaugarriak azaleratu ditu, bi herritako datu errealetan oinarrituta.

Hirigintzaren ikuspegia ekarri dute Jardunaldira Koldo Telleria, Oihana Santolaria eta Irati Otamendik. Gizarte aldaketek eta politikek hirien osaeran duten eragina azaldu dute. Eta, beste norantzan, hiri-espazioen konfigurazioak praktika sozialetan duen eragina. Euren hipotesia da hirigintza-ereduak azken 30 urteetan izan dituen aldaketek kaleko hizkuntza erabilerarekin lotura ere badutela.

Hizkuntzen erabilera datuak interpretatzeko oinarri bezala beste hainbat faktoreren deskribapen laburrak ere eskaini dira Jardunaldian. Ane Ortegak mundu mailan hizkuntzen desagerpena bultzatzen duten joerak zerrendatu ditu, globalizazioa eta neoliberalismoa nabarmenduz. Itxaropenerako zumeak badaudela ere adierazi du, mugimendu indigenistak, hizkuntza-aniztasunaren aldeko indarrak eta biodibertsitatearekin loturak, besteak beste. Julen Landak azken hamarkadetako bilakaera demografikoa deskribatu du. Biztanleriaren zahartzea eta migrazio saldo positiboak eragindako hazkundea dira deigarrienak. Gainera, prospekzioa eginda, hurrengo urteetan joera hauek areagotuko direla adierazi du. Iñaki Iurrebaso soziologoak euskarazko hizkuntza gaitasunaren erradiografia eskaini du, ohiko kategoriak erabili beharrean datuak gehiago xehetu eta hobeto ulertzeko aukera eskaintzen duen indizea baliatuz. Euskaraz mintzatzeko gaztelaniaz baino gaitasun altuagoa duen populazioaren proportzioari erreparatuz, kaleetan behatutako euskararen erabilera maila altua dela baieztatu du.

Jardunaldiko parte hartzaile guztiek, taldeetan banatuta, tailerretan kaleko erabilera datuak interpretatzeko ariketa kolektiboa egin dute. Arreta-gune diren gaien artean batzuk hautatu dituzte bozketa bidez, eta hauengan fokua jarri dute ondoren. Hiriguneetako errealitate soziolinguistikoa, euskararen arnasguneak eta gazteen zein heldu-gazteen kaleko erabileraren arteko kontrastea landu dira Emun aholkulariek gidatutako tailerretan.

Euskararen erabilerarako baldintzen eta aurrera begirako erronken maila mikroko begirada landu da mahai inguru batean. Estiñe Astorkiaren galderei erantzunez Eneko Gorrik Ipar Euskal Herriko ikuspegia ekarri du. Komunikazio sistema oso baten beharra, pandemiaren eragina, hiriguneen papera eta gazteen euskaltzaletasuna eta aktibazioa izan ditu hizpide, besteak beste. Maialen Iñarrak, berriz, babesgune kontzeptuan ardatu du bere ekarpena. Euskaraz mintzatu ahal izateko gune seguru eta erosoak sortzeari berebiziko garrantzia eman dio. Hizkuntza-praktikagatik epaitua izateko arriskurik gabeko guneak, kirol taldeetan bezala, lagun taldeetan, lantokietan edo beste hainbat eremutan bermatzea seinalatu du erronka gisa.

Bigarren mahai-inguruan, erabilerarako baldintza sozial orokorrak eta erronkak landu dira, Belen Urangaren gidaritzapean. Kike Amonarrizek hiztun komunitate gisa bizi dugun egoeraren ikuspegia eman du. Baldintza zailetan eta kontrako indarren artean kaleko erabilera mailak bere horretan eustea nabarmendu du. Era berean, hurrengo urte eta hamarkadatan, euskaltzaleak denetariko molde eta eratan antolatzeko eta eratzeko beharra seinalatu du: euskara elkarteetan, kultur taldeetan… Xabier Arauzok diagnosietan zintzoak eta zorrotzak izatea eskatu du. Egoeraren azterketa zehatzik gabeko baikortasun edo ezkortasun gehiegizkoek norabidean eta erabakietan okertzeko arriskua dakartela seinalatu du. Gainera, hizkuntza-politika instituzionalen ezinbesteko osagarri gisa tokian tokiko ehun asoziatiboak duen funtzioa goraipatu du. Imanol Larreak ikerketa soziolinguistikoaren beharra azpimarratu du. Egoeraren diagnosiari ematen zaion tonuak egoeran eragiteko baldintzetan izan dezakeen eraginaz hausnartu du. Eta euskararen biziberritzearen erronka handien inguruan nahiko adostasun sozial egonez gero, horien pareko politikak eta inbertsioak eskatzen dituztela aipatu du.

Egunaren errepaso laburra eginez eman diote amaiera Jardunaldiri Paula Laita eta Pablo Suberbiolak. Hurrengo urtera arte agurtu dituzte parte hartzaileak, gogoraraziz Jardunaldiaren materialak eta bideoak egun gutxiren buruan eskuragarri egongo direla www.soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.