Hausnartu Soziolinguistika Sariak 2017. X. edizioa

 

 

HAUSNARTU Soziolinguistika Sarien X. edizioa izan da 2017koa. Urtero bezala hainbat jakintza arlotatik euskal soziolinguistikari ekarpena egiten dioten lanak jaso dira, eta epaimahaiaren erabakiz lehen saria Urko Ikardo Enparanentzat izango da, “Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean” izeneko lanarengatik. Lehiaketaren bigarren saria Jon Ander Kuartango Atxarentzat da, “Euskararen ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean” lanagatik. Eta hirugarrena, berriz, Garikoitz Goikoetxea Etxeberriari emango zaio; azken honen lanak Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean” du izenburutzat.

Sari emate ekitaldia otsailaren 8an, ostegunarekin, izango da Baionako unibertsitateko Iker Zentroaren egoitzan. Bertan Hausnartu Sarien epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da eta sarituek beren lanen aurkezpen-hitzartzeak egingo dituzte. Era berean, 2017ko Hausnartu Sarietara aurkeztutako lanekin osatutako BAT Soziolinguistika Aldizkariaren zenbaki monografikoa (105.a) jendaurrean aurkeztuko da. Ekitaldia irekia izango da eta gaian interesa duen oro bertan parte hartzera gonbidatuta dago.

 

SARI BANAKETA EKITALDIA:

Baionako Unibertsitateko IKER zentroaren egoitzan egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hausnartu sarien X. edizioaren sari-banaketa ekitaldia 2018ko otsailaren 8an.

Sariak Urtzi Etxeberria IKER Zentroaren zuzendariak, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendariak eta Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak banatu zituzten. Baionako gazteluko aretoa jendez bete zen eta bertaratutakoek, sari-emateaz gain, saridunen lanak egileen ahotik ezagutzeko aukera izan zuten. Gainera, Hausnartu sarien inguruko BAT soziolinguistika aldizkariaren ale monografikoa (105. Zenbakia) bertan aurkeztu eta banatu zen.

Ikusi argazkiak

BIDEOAK

 

 

 

 

 

LAGUNTZAILEAK:

                

 

 

 

 

 

 

 

2017KO DEIALDIA (ITXITA)

Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko ikerketak saritzen dituen lehiaketa da. Aurten X. edizioa ospatuko da eta, urtero lez, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa lanak ezagutzera eman eta balioan jartzea izango da helburu nagusia.

Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke saietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

 

SARIAK:

Aurkezten diren lanen artean hiru sari banatuko dira:

  • Lehen saria 1500euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat
  • Bigarren saria 1000 euro
  • Hirugarren saria 700 euro

Horretaz gain, aurkezten diren lan hoberenak BAT aldizkariaren berariaz prestaturiko ale berezian argitaratuko dira.

 

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK:

  • Lanek oinarri zientifikoa izango dute, edota zientzian oinarritutako hausnarketak izango dira.
  • Teorikoak, teorien aplikaziokoak -edo ikerketa aplikatukoak- edota saiakera-arlokoak izango dira.
  • Egilea bakarra edo lantaldea izan daiteke.
  • Aurretik argitaratu gabeak izango dira. Interneten argitaratutako lanak ez dira bere horretan onartuko, argitaratutzat hartuko baitira.
  • 30.000 eta 60.000 karaktere arteko luzera izango dute.
  • 8-10 lerroko laburpena eta 4-6 hitz gako izango dituzte.

 

LANAK NOLA AURKEZTU:

  • Lanak emailez bidaliko dira ondoko helbidera: hausnartu@soziolinguistika.eus
  • Lanek ez dute egilearen/egileen inolako erreferentziarik izango testuan bertan; ez izenburuaren azpian, ez oin oharretan, ez eta testuko beste edozein ataletan ere.
  • Egileak/egileek ondoko datu pertsonalak erraztu beharko ditu(zte) bidaltzen du(t)en emailean bertan: izen-abizenak, posta helbidea, telefono zenbakia, lanbidea (irakaslea, ikaslea, euskararen gaietan profesionala…) eta lantokia, hala badagokio (Unibertsitatea, Fakultatea…)

 

EPEA:

Bidaltzeko epea 2017ko irailaren 30ean amaituko da, egun hori barne hartuta.

 

EBALUAZIOA:

Soziolinguistikan adituak biltzen dituen lantalde batek ebaluatuko ditu jasotako lanak. Epaimahaia osatuko duten kideak honako hauek izango dira: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako ordezkari bat, Euskal Herriko unibertsitateetako hiru irakasle-aditu eta BAT Soziolinguistika Aldizkariko zuzendaria.

Euskal soziolinguistikan aditua den beste pertsona batek ordezka dezake aurreko mahaikideren bat, egoki ikusiz gero.

 

HARREMANETAN JARTZEKO:

Nahi izanez gero gurekin ere harremanetan jar zaitezke telefonoz (9435925569) edo email bidez ondoko edozein helbidetan:

hausnartu@soziolinguistika.eus

b.uranga@soziolinguistika.eus

Argazki galeria